XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Horietako batzuk olerkari dira, beste batzuk prosa egile.

Hego Euskal Herrian era berean anitz izen ditugu: Mogeldarrak (hiru), Añibarro, Agirre, Gerriko, Astarloa, Fr. Bartolome, Zabala, Lizarraga Elkanokoa, Iztueta, Iturriaga, Lardizabal, Uriarte, Bilintx, Azkue (aita), Iparraguirre, Arrue, Manterola, Soroa, Arrese-Beitia, eta abar.

XIX. mende hondarrean eta XX.aren hasieran ordura arte ez bezalako ekinaldiak egiten dira euskara bere ahulezia eta jausialditik altxatzeko, batez ere Hego Euskal Herrian.

Azkue eta Arana gailurtzen dira egiteko honetan.

Urkixok, berriz, RIEV aldizkaria sortzen du (1907) Oñatiko Batzarrean (1918) Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia, hots, Euskararen Akademia, sortzen dira.

Euskal literaturak halako pizkunde bat ezagutzen du.

Zuzperraldi honek idazle kopuru berria dakar berekin, baina joera honi gehiegizko garbizaletasunaz ukitua dela egozten zaio.

Espainiako gerla (1936-1939) ondoren, herriko hizkeratik hurbilago egon nahi duen joera berria nagusitzen da, batzutan beste muturrera ere joaz.

Dena den, bada problema bat biziki eztabaidatua, hots, zenbatetaraino euskarak etxekotu behar dituen beste hizkuntzetako hitzak.

Bortizki indartu da, baita ere, euskara standard, batua edo guztiona moldatu behar delako asmoa, orain arteko dialekto literarioak baztertu gabe.

Egungo egoera Autonomiarekin sekulan ez bezalako aukerak bereganatu ditu euskarak: irakaskuntzan onartua izana, ofizialtasun maila lortua, euskararen arrangura edo kezka belaunaldi berrietan piztua, euskalduntze-lana hagitz sustatua.

Baina haatik kezkati egoteko arrazoiak ez dira gainditu: bada elebitasun edo bilinguismoaren auzia, batuaren eta euskalkien arteko auzia, euskal hitzen eta etxekotu nahi edo/eta behar diren hitzen auzia, eta abar.

Hitz batez esateko, badira itxaropenerako arrazoiak eta bai kezkati egotekoak ere.

Fr. Luis Villasante Euskaltzainburua In: UNESCOren ALBISTARIA, 1.985eko apirila, 3. alea.

EUSKAL HERRIKO AHOZKO LITERATURA Euskal Literatura ez da melodia bakarrekoa, edo soilik ahozkoa edo soilik idatzizkoa.

Aitzitik, bi literatur tradiziook lotuak azaltzen zaizkigu.

Euskalduntasunaren ikerleen artean gauza onartua da euskal literatura beste ezein herriko bezain aberatsa eta ugaria dela, exotismoa eta nortasunagatik oso estimatuak diren beste kultur lurraldetako literatur agertaldi ugari gure artean ere ematen dela, eta ahozko literaturak azalarazten duela gure kultur balio sakonena.

Ahozkoari buruzko kontzientzia nabarmen horren ondoan, literatura idatziari buruz ikusmolde errealista nagusitu da, kontsideratzen bait da berantkorra, urria eta egile adierazgarri gutxikoa dela, baina aldi berean guztiz beharrezkoa literatura bizitza modernoaren eskaerei egokitu eta, azken finean, hizkuntzaren superbibentzia bera errealitate bilaka dadin nahi bada.

Ikusmolde eta kontzientzia horiei dagokienez egun mundu guztia bat baldin badator ere, beti ez da horrela gertatu; eta, dudarik gabe, atzeranzko begirada batek lagundu egingo digu egungo euskal errealitatean literatur adierazpenezko bi estilo desberdin horiek dauzkaten elkarrekiko loturak ulertzen.

Lehen aldi batetan, XVI. eta XVII. mendeak, Errenazimentuko bultzaden ondorioz eta momentuko erlijio eskakizunen eraginez idatzi ziren lehen liburuak euskal hizkuntzan.

Produkzioa kopuruz oso murritza da, eta ia soilik nazioko iparraldean sortzen da, bertako gizarte garrantzia hegoaldekoa baino eskasagoa den arren.

Hegoaldean, berriz, parrokietako katekismoak besterik ez dira sortzen aldi honetan.

Garai honetako ahozko literaturaren garrantzi estadistikoa azpimarratu ondoren, adierazi behar da, baita ere, argitaratutako liburuak, helburu pastorala zutenez gero, maiz askotan ahots gora irakurtzen zirela eliz batzarretan, liburu sakratu eta katekesikoak bailiren.

Eta liburuak batzarretan irakurtzeko zuzendurik zeudenez gero, egileek kontutan hartzen zituzten helburu pedagogikoak idazteko orduan; esan nahi da ahozko literaturaren ardatzak nagusitu zirela liburuak idazterakoan eta sortzerakoan.

Horrela bada, batzarretan irakurritako liburuak oroimen kolektiboan gelditu ziren, herriko adierazpen munduan isladatuz, eta modu horretan idatzitako eta irakurritako produkzioa erlijio-munduko gutxiengo kultoek egindako txertakuntza bezala hartzen da.

Beste aldetik, aldi honetakoak dira ahozko testuen lehen bildumak, Euskal Herriko mugaren bi aldetan antzinako kantuen, errefrauen eta sententzien testigantza eta mostra txikiak jaso ziren.

Bilduma hauek, diakroniaren ikuspuntutik duten neurrigabeko balio linguistiko eta literarioaz gainera, garaiko presentzia poetikoa indartsua zela adierazten dute aldi berean eta Errenazimentutik Aldi Barrokora arte nagusitu zen gordailu tradizionala kalitate literario handikoa zela ziurtatzen digute.

XVIII. eta XIX. mendeetan ahozko eta idatzizko literaturen arteko harremanen bigarren aldi bat nabari da.

Hegoaldeak, eta bereziki Gipuzkoako probintziak XVIII. mendean eta Bizkaikoak XIX.ean, hasiera ematen dio bere literatur ibilbideari eta idatzizko produkzioaren testigua hartzen dio iparraldeari.

Literatura idatziaren munduan gai eta giro profanoak gero eta gehiago azaltzen bait dira eta, aldi berean, ahozko produkzioan kultur maila handiagoa eta klasikoa denarekiko atxekimendu gehiago eskatzen bait da, ondorioz indar erlazio berri bat nabari da bi literaturen artean.

Literatura idatziak ahozkoan jaso behar izan zuen bere sustrai nagusiena literatur adierazpenaren egiturak eta teknikak lortzeko; baina, era berean, eta batez ere ilustrazioko garaiaz geroztik, ahozko produkzioa literatur idatzizko legeei egokitu beharrean aurkitzen da gero eta gehiago, gaurkotasuna, izena eta are superbibentzia ez galtzearren.

Eta ahozko literaturako piezak idazteari ekiten zaio: hor daude bertso paperak, herriko gorabeherei buruzko poemak argitaratzen dituztenak edo folklorezaleen bildumak; argitalpen guzti horiek idatzian jartzen dute ahoz aho dabilena.

Ondorioz, herritarra dena idatziaren adimen erritmoari eta eskaerei nahiz mekanismoei egokitzen bait zaie, literatura prezeptiba idatziaren postulatuetara moldatzen da.

Era horretan, ahozko produkzioa zehatzagoa, aberatsagoa eta iraunkorragoa egiten da eta egitura korapilatsuagoak bereganatzen ditu, euskal literaturaren adar berezi bat sortuz, hau da, ahozko ingurunetik sortu baina idatziaren bidez kontserbatu eta eguneratzen den literatura.

Are gehiago, idatziz kontsignatu ez ziren generoak ahuldu egin ziren pixkanaka pixkanaka, mende honetan erabat desagertu ziren arte.

Era horretan desagertzen joan ziren baladak eta erromantzeak, koplak, abesti lirikoak, pieza ludiko-koralak eta dekoratiboak eta apunte parateatralak, betidanik literatur ondasun tradizionala osatu zutenak.

Bizitza modernoak halabeharrez eskrituraren mundura eraman gaitu literaturaren adierazpen eta kontserbazio helburuetarako.

Baina euskal hizkuntzan orain arte idatzi denak ez ditu betetzen ez kopuruaren eta ez kalitatearen ikuspuntutik, eta are gutxiago euskaldunen artean aurkitu duen harreraren ikuspuntutik, literaturari gizarte normalizatu batetan eskatzen zaizkion funtzioak.

Hortik dator agortezinezkoa den ahozko literaturaz baliatu behar izana, zeren harek laguntza oso baliagarriak eskaintzen bait ditu unibertsaltasunetik abiatuz berezitasuna adierazteko orduan eta herri nortasun propiotik abiatuz modernotasunaren konplexutasuna eratzeko orduan.

Eta azkenik, XX. mendean lotura berriak egiazta ditzakegu bi literatura hauen artean.

Aldez aurretik onartuz euskal literatura, haren helburua, inguratzen gaituzten literatura nazional onenak imitatzea izango da, kalitatea izanik ikusmira bakarra.

Hala ere, ahozko literaturari buruzko ikerlanak aurrera doazen neurrian, hau ukaezinezko erreferentzi puntua bihurtzen ari da literatura nazional modernoari ekiteko orduan.

Gerra zibilaren aurreko aldian lirika minoritarioak eta kultistak herriarengan izan zuten oihartzun eskasaren ondoan bertsolaritzak, herri antzerkiak eta narrazio folkloristek ezagutu zuten arrakasta handiak, taiututako projektu kulturala birplanteiatzera behartu zuen eta hurbilpen bat egin zen ahozko literaturaren forma nagusi eta errotuenetara.

Eta aldi berean neopopulismoaren aro berri bati eman zitzaion hasiera, hizkuntz ingurune tradizionalekoak ziren idazle eta irakurleengan duda gabeko erakargarritasuna izan zuena.

Gerraondoko literatur munduak antzeko ibilbideari heldu zion.

Ahozko estiloaren funtzionaltasuna eta arautegia idazlearentzat ikasgai bilakatzen dira.

Ildo horretan, norberaren ondorio estetikoak abiapuntutzat hartuz eta norberaren egia kulturalaren arabera berezitasunean oinarrituz unibertsaltasunera abiatzen den sorkuntza estetiko berri batetan murgiltzen da idazlea.

Juan Mari Lekuona. Euskaltzaina. in UNESCOren ALBISTARlA, 1985eko urria, 9. alea.